ROBERTO GARCÍA DE MESA 2018-09-06T10:43:38+00:00

Project Description

ROBERTO GARCÍA DE MESA  |  Tenerife

“Outside”  

Zuzendaritza:  Roberto García de Mesa

abendua 15 20:00etan 
abendua 16 19:00etan
ANTZERKIA
Venta de entradas

“Outside” izenburupean, Roberto García de Mesaren muntaia berriak formatu desberdineko sei pieza labur biltzen ditu: “1/3” (2006), “Refugio” (2017), “Luminarias” (2004), “Oratorio On/Off” (2011), “Elektra” (2006) eta “Isla mínima” (2008). Urriaren 25ean estreinatuko da Guimerá Antzokian (Tenerife), eta irailaren erdialdean, Bilboko La Fundición aretoan izango dugu ikusgai.
Pieza horietako testu gehienak García de Mesaren bi liburutan argitaratu dira (“Interior de una cámara de cera”, Tenerife, Idea, 2006, eta “Outside”, Madril, Fundamentos, 2010). Bestalde, Mario Domínguez Parrak ingelesera itzuli zuen “Elektra” berriaren testua, ikuskizunaren zati ere badena, eta itzulpena “Receptacle Mag” aldizkari estatubatuarrean argitaratu zen 2012an.
Ana Reig-ek, Irene Álvarezek eta Lioba Herrerak interpretatzen dituzte sei piezak, eta hainbat gairi buruzko hausnarketa egiten dute: Espainiako banderen koloreak, gerra-errefuxiatuen egoera Melillako mugan, biki ebaneszentearen fenomenoa amaren umetokian, erlijioen matxismoa, mito greko femenino baten egia-ostea eta irletako bizitza itogarria.

Roberto García de Mesa eszenako zuzendaria, antzerki-ekoizlea, eszena-sortzailea, olerkigilea, antzerkigilea, dramaturgista, antzezlea, narratzailea, saiogilea, ikerlaria, artista bisuala eta musikaria da. Berrogeita bederatzi liburu argitaratu ditu.
Haren piezetako hogei berak muntatu ditu, edota beste zuzendari batzuek, Espainiako hainbat espaziotan. Arte eszenikoen praktika eta teoria konbinatzen ditu, gaiari buruzko artikulu, saiakera eta azterlan monografiko ugari ere plazaratu dituelako. Horrez gain, arte eszenikoen nazioarteko hainbat kongresutan eta jaialditan parte hartu du. 2015ean, berezko konpainia sortu zuen.
La Fundición aretoan, Roberto García de Mesak idatzi eta zuzendutako bi obra izan ditugu, gaur egun arte: “Hamlet Post Scriptum” (2012) eta “La edad del frío. Conversaciones con Antígona” (2015). Azken urteotan zehar, Espainiako hainbat sormen garaikideko lekutan izan dira ikusgai obra horiek. Fundamentos argitaletxeak plazaratu zuen “Hamlet Post Scriptum” testuaren edizioa lehenik (“Outside” lanaren beste pieza batzuekin batera, Madril, 2010). Gero, Ediciones Invasoras argitaletxeak atera zuen (Vigo, 2017), eta, azkenik, Ati Solertik grezierara itzuli eta Vakxikón argitaletxeak (Atenas, 2017) liburuki bakarrean kaleratu zuen. Bestalde, Wake Forest unibertsitate estatubatuarrean “La edad del frío. Conversaciones con Antígona” aztertzen dute, “Contemporary Theater in Spain and Spanish America” ikasgaiaren barruan. Teresa Sanhueza irakasle txiletarra lan horren edizio kritikoa prestatzen ari da, eta Estatu Batuetan argitaratuko da.
“Outside” La Fundición aretoan estreinatuko den Roberto García de Mesaren hirugarren lana da. Haren obrek hitzak eta ekintzaren artea konbinatzen dituzte, eta gorputza eraldaketarako tresna politiko bilakatzen da. Ikuskizunak mugimendua, esparru bisuala eta objektuak eta egungo arazo sozialen gaineko sentikortasun berezia uztartzen ditu, eta gizakien izaera aztertzen du, zaharraren eta berriaren artean, kontzientziaren eta oharkabekoaren artean, askatasunaren mamuen eta adierazpen poetikoaren aukera eszeniko ugarien artean.

Zuzendaritza, testuak, espazio eszenikoa eta soinu-espazioa: Roberto García de Mesa
Antzezleak: Ana Reig, Irene Álvarez eta Lioba Herrera
Argiak: Carlos Ramos.
Ikus-entzunezkoak: Digital 104
Jantziak: Roberto García de Mesa konpainia
Argazkia: Lee Lee Moss
Roberto García de Mesa konpainiak ekoiztua