Ekainak 8, 19:00

PERFORMANCE 

Carla Róisín & Baseline | Euskadi

“La montaña del diablo”

“Gorputzarekin baino ez egotea, Lurretik kanporatua izaten ari den gorputza, dagoeneko Gaia ez, baizik eta hibridoa den Lurra, non material den oro ez baita bere ahantzitako iruditik harago. Antropozenotik higatutako paisaia.Menderatu nahi izan zuen iraganetik askatzen den potentzia”.

“La montaña del diablo” Carla Roisin & Baseline protagonista dituen performance/kontzertua da. Lana Leire Muñoz ikusizko artistaren “Lo que nos ignora” testuan (Sostenibilidad Estética 2021) eta Leire Muñoz eta Eriz Morenoren Teufelsberg erakusketan dago inspiratua.

Teufelsberg mendia Berlin kanpoaldean dago, Grunewaldeko basoan. Hondakindegia da, proiektu bat ezkutatu edo lurperatzen duen tapakia. 1937an Hitlerrek munduko akademia militar handiena eraikitzeko agindua eman zuen.Behin amaituta, akademiak unibertsitatea, tailerrak, laborategiak, ospitaleak, hainbat egoitza eta bunker bat izango zituzkeen. Gerrak tonaka hondakin utzi zituen Berlinen, hiria berreraiki nahi bazen, baztertu behar zirenak.Grünewaldeko basoan kokatutako akademia militarra lurperatzeko hondakin horiek erabiltzea erabaki zen.

 Suntsitutako Alemaniaren hondakinak lur, goroldio eta adarrekin txertatu dira, eta denboraren poderioz, naturaren eta ezkutatu nahi zen iragan ilunaren arteko mugak lausotuz joan dira, harrien metaketa batean. Hemen natura, paisaiaren erdian, gizakiak sortu duen hibrido Antropozenoa azaleratzen duen indar gisa behatzen dugu. Naturaren fenomeno eta erritmoak entzuteko, epai kritikoaren gainetik zentzumenen senaz jokatzeko, irudia gorputzen artetik nola azaleratzen den ikusteko, gorputza irudien artetik nola azaleratzen den, eta nola zer berri horrek: gorputz-irudiak, funtsa eta esanahia galtzen duen metaketa artean lurperatuta, argi, forma, kolore, erritmo edota estetika bilakatuta, bakeari harrera egin eta sostengatzen duen naturako elementuen artean.

Piezaren musika-konposizioak, alde batetik, guda iraganeko artxibategiko bideoen adibideak barneratzen ditu, sintesi bidez sortutako soinuekin nahastuta. Hori etengabeko jarduna da gure baterako lanean. Pilar zuzenean konposatzen ari da aurretiaz egin dituen pista batzuk oinarritzat hartuz, eta funtzioan zehar azken konposizioa egiten ari da denbora errealean, izan ere, guretzat funtsezkoa da une eszenikoa eguneratu eta zuzenekoa aldarrikatzea.

Carla Róisín diziplina anitzeko artista da, sortzaile eszenikoa eta performance egilea, Amsterdameko Arteen Unibertsitatean graduatua Antzerki fisiko eta keinuzkoan (2010-2014), eta Arte Eszenikoetako Graduondokoa egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. 2009az geroztik Amsterdamen egiten du lan Inprobisazioko Magpie konpainiarekin, Katie Duckekin batera, eta Makiko Itorekin Wonderlanden. Holandan hainbat jaialditan sarituak izan diren Paramnesia eta Posthuman lanak egin zituen. Bilbon Psicoklouns kolektiboko kide izan zen Olaf Kehlerrekin batera, eta bere piezak L´Mono izeneko ikerketa eszenikoko kultura zentro eta espazioak erakutsi ditu, eta baita Dantzan Bilaka, Jet Lag Ideak edota La Nave del Duenden ere. Izar Altair Films elkartean egin du lan Jon Garcesekin batera, film laburrak ekoitzi eta zuzentzen. Reyes Oteo konposizio-egilearen IMAGO obran, After Cage 2024 jaialdian estreinatu zena (MUN, Nafarroa), mugimendu eszenikoa zuzentzen du. Bere lanetan zuzeneko musikari elektro-akustikoekin kolaboratzen du, eta 2021ean Pilar Baizan (Baseline) konposizio-egilearekin batu zen MEM eta BLVART jaialdian estreinatutako“Mi reino por un caballo” site specific lanean. Dantza/performance eta inprobisazioko musika esperimentalaren IXO! kolektiboko kide da, Hika Ateneoan (Bilbo) jardueren hileroko programazioa dutelarik.

Baseline Pilar Baizan diziplina anitzeko artistaren eskutik 2004an sortutako arte eta soinu proiektua da. Baseline zarata elektronikoa da, besteak beste, glitchsa, landa-eremuko grabaketak eta sintesi-soinuak erabiliz egina. Loop eta soinu-zati laburren manipulazioa, konposizio trinko eta astunak sortzeko. Besteak beste, honako jaialdi hauetan aritu da: MEM (Bilbo), LEM (Bartzelona), Sònar (Bartzelona), SONIC CIRCUITS (WASHINGTON D.C.), EXPERIMENTACLUB (Madril), Butoh Kit:a jaialdia (Berlin), Óptica Festival (Gijon). Bere lana hainbat museo edo aretotan erakutsi du, besteak beste: ISSUE Project Room (New York), Guggenheim (Bilbo), Teatro Kaleidoskop (Kopenhage), Miscelänea (Bartzelona), DT Espacio Escénico (Madril), Arteen Gaua (Helsinki), ZSenne art lab (Brusela), 4bid Gallery (Amsterdam), Verge Gallery (Sydney), “Galleteras” Artiach fabrika (Bilbo)… Merkatuan hainbat disko, CD eta binilo ditu. Horrez gain, hainbat artisten bilduma diren disko eta bideotan ageri da. Bere lanetako batzuetan dantzari, performance egile eta ikusizko artistekin lankidetzan aritu da, esate baterako, Itxaso Diaz, Marianela Leon, Carla Roisin edota Mabi Revueltarekin.