Uztailak 13-17 eta abuztuak 18-21 – 2026

Sorkuntza egoitza

La Pacheca Collective | Euskadi

“N’IMPORTE QUOI (o El Arte de Morir)”

Ikuskizun garaikideak eta bereziak (ahots propiodunak, zirkuitu konbentzionaletatik at) antolatzen dituen antzokia ez ezik, arte eszenikoen sektorerako baliabideen zentroa ere bada La Fundición. Hortaz, Sorkuntza egoitzen bidez, ekipamendua eta lan-espazioa sortzaileen zerbitzura jartzen ditu aretoak. Jakin badakigu konpainiek ikertu, sortu eta ekoizteko prozesuak garatu ahal izateko lekuak behar dituztela; hori dela eta, bertoko sorkuntza egoitzak zuzenean proiektu eszeniko berriak martxan jartzen laguntzeko tresna eraginkorrak izatea nahi dugu.


Bea Insak eta Ángel Mirouk La Pacheca Collective sortu zuten, 2017an: antzerki-konpainia baino, «kolektibo artistiko» bezala definitu dute proiektua. Euskadiko eta Estatuko lurralde guztietako sortzaileekin lankidetzan aritzen dira, diziplina anitzeko proposamenak garatzeko, errealitate garaikideari buruzko begirada kritiko eta sozial nabarmena dutenak. Taldearen ekoizpen hauek nabarmentzen dira: «Contado por ellas (Republicanas y Antifranquistas )» (Estatuko eta nazioarteko dozena bat jaialditan baino gehiagotan antzeztua; 2021ean, Max Sarietan Egile Berri Onena izateko hautagaia eta CENIT 2021ean, finalista); «Paradigma» (farmazia-industria nagusien gehiegikeriei buruzkoa); «Camiselle» (Espainiako haurtxo lapurtuen sare antolatuari buruzkoa, Loli Astoreka protagonistetako bat dela); «Tarán-tran Transición» (gure historiako garai hori zalantzan jartzen zuena), besteak beste. Taldearen muntaketak Estatuan zehar, Frantzian, Herbehereetan, Egipton, Kroazian, Kolonbian, Bolivian eta Perun antzeztu dira.

Taldearen lan berria, «N ‘IMPORTE QUOI (edo El Arte de Morir )», performancearen eta antzerkiaren artekoa, proposamen eszeniko poetikoa da; ikusmen- eta soinu-indar handia du eta agertokia salaketa, memoria eta erriturako leku bihurtzen du. Hizkuntza fisiko eta sinboliko baten bidez, emakumeen kontrako sexu-indarkeria, pornografia, gorputzaren gurtza eta estigmatizazioa jorratzen ditu, baina baita maitasuna eta samurtasuna ere, erresistentzia-ekintza gisa. Pieza labur gisa, 2025ean estreinatu zen, Danimarkan; Sala Pradillo aretoko (Madril) Sortze Prozesuen Hasieran hautatu zuten, eta Belgradeko (Serbia) Nazioarteko Performance Jaialdian antzeztuko da berriro. Irailean, ordubeteko formatu osoan estreinatuko da Kolonboko Nazioarteko Antzerki Jaialdian (Sri Lanka). Euskadin La Fundición aretoan estreinatuko da, 2027an.

Sorkuntza, zuzendaritza eta antzezpena: Bea Insa
Testuak: Anna Jordan, Heiner Müller eta Bea Insa
Kanpoko begia eta ikus-entzunezkoa: Ángel Mirou
Ekoizpena: La Pacheca Collective
Laguntzaileak: La Fundición (Bilbo), AECID eta Etxepare Euskal Institutua