Urtarrilak 17 – 2026 – 20:00etan
Urtarrilak 18 – 2026 – 19:00etan

PALESTINA zikloa | ANTZERKIA | Estreinaldia Euskadin

“FOOT” | Rida konpainia

(Madril)

La Fundición aretoak Palestinan oinarritutako bi ikuskizunen eskutik hasiko du 2026a, sorkuntza garaikidea premiazko errealitate batekin mintzo den espazioa sustatzeko asmoarekin. Apustu artistikoa da, baina baita etikoa, soziala eta politikoa ere, arte eszenikoek pentsamendu kritikoa, enpatia eta ekintza kolektiboa sortzeko duten ahalmena aldarrikatzen baitu. Lan horretaz gain, zikloak «Vicini» ikuskizuna ere barne hartzen du. Emanaldien ondoren, solasaldiak izango dira bertoko konpainia eta aktibistekin.

LABURPENA: Benetako gertaeretan inspiratutako bakarrizketa poetikoa eta komikoa da «Foot», tarteka, baita distopikoa ere. Futbolari palestinar bati eta bere herriko selekzioaren Munduko Koparako ezinezko bideari hitza ematen die, eta bide hori kontrol militarrek, erbesteak, ustelkeriak eta heriotzak zeharkatzen dute. Oholtza gainean, hormigoizko horma handi batek, alanbre arantzadunekin, familiak, herriak eta hiriak banantzen ditu, eta, bitartean, futbol baloi batek kontakizuna aktibatzen du. Harresi horretan errebindikazio-pintadak proiektatzen dira, Israelen okupazioaren zazpi hamarkada baino gehiagoren kontra sortutako erresistentzia-azpikulturaren adierazgarri gisa.

Hala, narrazioa data eta erreferentzia historikoetan oinarritzen da, zeinek 1948tik Palestinako herriak aurre egin behar izaten dion memorizidioa testuinguruan jartzen duten. Protagonistaren ahotsaren atzean, egia esan, Palestinako gazte guztien irrika ageri da; kaiola inposatu batean harrapatuta badaude ere, irmo eustea erabakita dute, kanporatzeari, identitatea galtzeari eta pixkanakako sarraskiari bipilki uko eginez.

Zuzendaritza eszenikoa: Samy Khalil
Antzezlea: Nourdin Batan
Antzerkigintza: Ismail Khalidi
Zuzendaritza-laguntzailea eta mugimendu eszenikoaren aholkularia: Andoni Larrabeiti
Eszenografia: Christina Eleftheriadou
Bideoeszena: Alba Trapero
Argiztapena: Óscar Fernández
Fotografia: Paul Rodríguez
Joskintza eta atrezzoa: Conchi Marro
Itzulpena: Carolina Muñoz Proto
Iraupena: 50 minutu

KONPAINIA: Samy Khalilek aita palestinarra du, eta Madrilen jaio eta hazia da. Antzerki eta telebistako aktorea da (La Joven Compañía, «Los últimos Gondra», «El Príncipe»…), eta 2023ko urriaren 7tik aste gutxira, “armarik gabe Gazara abiatuko ginen boluntarioen armada bat errekrutatu” nahi izan zuen. Izan ere, irrika horrek bultzatu zuen Rida konpainia eratzera, zeinarekin zuzendari gisa lehen lana egin zuen: «Foot», guraso palestinarrak dituen eta Beiruten jaio eta Chicagon hazitako Ismail Khalidi antzerkigilearen testua («Tennis in Nablus», «Returning to Haifa», «Muertos son mi gente»…).

Antzezlanaren protagonista izateko Nourdin Batan aktore gaztea aukeratu zuen. Ceutakoa da jatorriz, eta lanetan “klixeak eta arraza-estereotipoak ez betikotzeko” konpromiso tinkoa hartu du. Hainbat telesailetan («HIT» edo «30 monedas») eta filmetan («El buen patrón», Fernando León de Aranoarena, edo «Todos los nombres de Dios» eta «El correo», Daniel Calparsororenak) parte hartu du. Antzerkian ere aritua izan da maiz: esaterako, Claudio Tolcachirekin, Centro Dramático Nacional-en «Los de ahí» ekoizpenean. Azken erronka du ‘Almodóvar mutikoa’ izatea, Mantxako zuzendariaren azken ekoizpenean, «Amarga Navidad» filmean (udaberrian estreinatuko da).