Irailak 27, 28 – 2025, 19:00

Antzoki Alternatiboen Sarearen Zirkuitua 2025 | DANTZA | Estreinaldia Euskadin

Cía. Silvia Batet | Katalunia

“ERCÁS”

“ERCÁS” eraldaketa eta erresilientziaren edertasunaren ospakizuna da. Konpainiak “sacrée” bakar-saioan (2024) garatutako material fisikoetan oinarrituta, “ERCÁS” piezak emakumezkoen hiru gorputzen aukera poetiko eta kaleidoskopikoak zabaldu nahi ditu orain; izan ere, gorputzok mihise mudakor bihurtzen dira, mugimenduaren erritualtasuna, gozotasuna eta plastikotasuna esploratzen dituela. Pieza horretan, dantzariek gorputzaren pertzepzio tradizionalei eta haren ahalari aurre egiten dien hizkuntza bisuala sortzen dute. Mugimendu plastikoak eta uzkurdura zehatzak bateratu egiten dira, metamorfosiaren funtsa eta egokitzeko gaitasuna islatzen dituzten eredu hipnotikoak eratzeko, eta erakusten dute gorputza aldi berean ahula eta ahaltsua, estatikoa eta dinamikoa, bakuna eta anizkoitza izan daitekeela.

Gorputzarekin, fisikotasun eta erraitasunetik, berriz lotzeko beharretik sortu zen proiektua, Batetek gorputzaren eta espazioaren arteko harremana nagusiki ikertu zuen lan batzuen ondoren. Fisikotasunarekiko loturan, geometria, uzkurdura eta erritmoa aztertu ditu, edozein definiziori aurre egiten dioten gorputz mudakorrak eraikitzeko modu gisa. Proiektuaren nahia da giza gorputzatzat, bereziki emakumezkoaren gorputzatzat, hartzen dugunaren muga fisikoak eta diskurtsiboak zabaltzea. Irudimenarekin jolastuz eta aukera berriak ikertuz, aldez aurretik pentsatutako ideiak alde batera uztea eta “gure errealitatearen kalitate metamorfikoa eta arina behatzea” du helburu.

Zuzendaritza: Silvia Batet
Antzezleak: Laia Camps, Anna Serra, Raquel Romero
Koreografia: Silvia Batet, antzezleekin elkarlanean
Musika: Nara is Neus, La Fraicheur-en ekarpenarekin
Jantzien diseinua: Bárbara Glaenzel
Mugimenduaren laguntzailea: Anna Serra
Argiztapenaren diseinua: Valentina Azzati
Ekoizpena: Marta Guzmán Management

Cía. Silvia Batet dantza garaikideko konpainia bat da, eta horren egoitza Bartzelonan dago. 2019an ekin zion jardunbideari eta, harrezkeroztik , lau pieza aurkeztu ditu: “Réquiem” (2020), “OBLIVION” (2020), “sacrée” (2024) eta hau,“ERCÁS”. “OBLIVION” piezak Premi de Dansa de l’Institut del Teatre 2020 saria irabazi zuen, eta iraupen luzeko formatuan estreinatu zen Festival Grec 2021 jaialdian. Konpainiak, urteotan, dantzaldi nazional ugaritan parte hartu du, besteak beste: Dansa València (Valentzia), Masdanza (Kanariak), Cádiz en Danza (Cádiz), Ellas Crean (Madril) eta Quincena Metropolitana de Danza (Bartzelona). Halaber, 2022an Red Acieloabierto sareko partaide izan zen, eta horri esker, urte horretan Bilboko Lekuz Leku Dantza Jaialdian parte hartzeko aukera izan zuen. Konpainiak nazioartekotzeko prozesuan dihardu; hala, besteak beste, hauetan parte hartu du: Hannover Choreography Competition (Alemania), Florence Dance Festival (Italia), The Black Box Fesitval (Bulgaria) edo Lugar Futuro (Portugal). Haren hizkuntza eszenikoa “ahalmen bisualean, formen soiltasunean eta sorkuntzen egiturazko konplexutasunean” oinarrituta dagoela diote.