Maiatzak 31 – 2026 – 19:00etan

Zer(K)nias zikloa | ANTZERKIA (euskaraz)

“ADARBAKARRA” | Infinitudrama

(Euskadi)

Zer(K)nias urteko zikloaren eskutik, La Fundición aretoak, urtero, denboraldia amaitu aurretik, euskal sorkuntza eszeniko esperimental eta independenteena agerian jarri ohi du: proposamen berritzaileak dira, zirkuitu komertzialetatik urrun daudenak edota hizkuntza hibridoak esploratzen dituztenak. Hitz batez, erakusleiho bat da zikloa, zeinaren bidez, asteburu batean zehar, ikusleei ahots eta sorkuntza modu berriak ezagutarazten zaizkien, ohiko ikuskizunen sailetan sartzea zailago duten proiektu bikainak babesteko konpromiso argiarekin.

2026an, ikuskizun hori ez ezik, hauek ere egongo dira ikusgai: “Entre mi cuerpo y yo. Llorona llévame al río” (Olaia Valle; maiatzak 29) eta “Tetas” (Raíra Rosenkjar; maiatzak 30).

LABURPENA: Eszenan, trobalari eta soinujole bat aurrez aurre. Zeregin bat dute elkarrekin: zuloz beteriko ipuin bat kontatzea; folklore zatikatu bat interpretatzea. Zer egin, gure nortasuna eraiki duten mito eta doinuekin? Nora garamatza liluraren galerak? Sinesten duzu adarbakarretan?

“Adarbakarra” euskaldunasunari, eta zergatik ez, gudariari, luma jartzen dabilen olatuaren parte da. Aurpegia beharrean ipurdia eskaintzen digun munstro performazea, guztia irensten duen zulo zikin eta koloretsu bat: zortzikoak, sasi-epika, aizkorak, ortzadarra. Ardi larru sintetikoz jantzitako herritarrak gara; mitologia degeneratu bat sortzen. Umorea, musika eta poesia bisualaz lagunduta, fantasia eta gordintasunezko bidaia bat eskaintzen diogu publikoari.

Sorkuntza eta interpretazioa: Garazi Navas eta Maite Aizpurua Olaizola
Zuzendaritza artistikoa: Maite A.O.
Kanpo begirada: Oier Guillan
Jantziteria: Idoia Beratarbide
Argiztapena: Junki Mayo
Mugimendu aholkularitza: Aiala Etxegarai
Argazkiak: Judith Voet
Teaserra: Zazpi t’erdi
Ekoizpena: Infinitudrama
Laguntzaileak: Eremuak, Kulturaz Koop., Garaion Sorgingunea, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa, Errenteriako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia
Esker bereziak: Araitz, Larraun eta Beteluko adarbakarrei
Iraupuena: 70 minutu

KONPAINIA: Infinitudrama 2024ko abenduko egun hotz batean aipatzen da lehen aldiz bazkaloste batean, laguntasunari buruzko sormen prozesu baten bitartean. Eta hain zuzen ere, hori du ardatz konpania berri honek: harreman sareak indartu eta bide propioak jorratuz sorkuntza eta kulturarako lagunarte ireki, konprometitu eta zirikatzaileak sortzea.

Infnitudramak diziplina eta eskarmentu desberdinetako sortzaileek proiektuak aurrera eraman eta elkarlanak burutzeko arte eszenikoetako plataforma gisa funtzionatzen du. Maite Aizpurua Olaizolak gidatzen du egitasmoa. “Promesa berdina egin diegu lagun guztiei” (2023), “Promesarik txikiena” (2025) eta “Adarbakarra” (2025) izan dira ekoiztutako lehen proposamenak.

Euskara besarkatu eta gertatzen ari denari adi, lengoaia artistiko garaikideak eta gaurkotasunezko begiradak jorratzen dira proiektuetan. Beti ere, umorea, esperimentazioa, probokazioa, jarrera kritikoa eta inozentzia/inozotasuna bidelagun.