Daniel Hernández – Derek Van den Bulcke – Emilio Manzano | Euskadi – Murtzia
“Ensayo sobre Grieta y Experimentación”
Elkar aurkitu eta esperientzia teoriko-praktikoak partekatzeko interes horrek asko lagundu die esperimentu zehatz batzuk garatzen. Lehen, formatua, rolak, presentziak, espazialitatea eta planteamendu filosofikoak aurrez ezarritako parametro batzuen barruan mugitzen ziren. Orain, joko-arauak zalantzan jarri dira.
Prozesua bukatuta, inflexio-puntu batera heldu dira, eta inprobisaziorako eremu bat sortu dute. Gainera, gorputzak eszenan daukan posizioa ere kuestionatu da. Prozesuaren amaieran barne-eztabaida bat izan dute erabilitako elementu eta materialen inguruan; presente dagoen gorputza behatu eta bigarren mailako espazio batera eramatearen garrantziaren inguruan. Behaketa eta desplazamendu horren ondorioz, performerren arteko rol-aldaketa gertatu da, eta entitate propio bati eman diote argia. Dramaturgia ematen duen osagaia da, eta proiektua hiruko bihurtzen du, Emilio Manzanok prozesuan izandako inplikazioari esker.
Ibilbidean izandako aldaketa batek ulertarazi die etorkizuneko pieza hiru artistako taldea izan daitekeela: ikerketaren esperientzian oinarrituta eta inprobisazioaren bidez, sorkuntzaren horizontaltasuna, presentziaren balantzea eta eszenan ezarritako kontzeptuen errebisioa lantzen dute. Proiektu honek bilaketa-prozesuan jarraitzen du, eta ikerketa eta produkzio faseen artean dago.“Ensayo sobre Grieta y Experimentación” izeneko lana gauzatzeko ezinbestekoa izan da Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza. Horretaz gain, Azala Espacio de Creación eta Bilboko La Fundiciónen laguntza izan du. Proiektu honek hainbat egonaldi izan ditu: Centro Negra AADK Spain (Blanca, Murtzia), La Aceitera (Bollullos de la Mitación, Sevilla) eta Andaluziako Sorkuntza Garaikideko Zentroa C3A (Kordoba). Bidaia horren ostean, berriz, La Fundición aretora heldu dira. Bertan, ikus-entzuleekin batera, gorputza, soinua eta argia elkartzen diren esparru ilun batez gozatuko dute.
Jatorrizko ideia eta ikerketa: Derek Van Den Bulcke eta Dani Hernández
Sorkuntza eta performerrak: Derek Van Den Bulcke, Dani Hernández eta Emilio Manzano
Dramaturgia eta argiztapena: Emilio Manzano
Gorputza eta soinu elektronikoa: Derek Van Den Bulcke
Gorputza eta soinu analogikoa: Dani Hernández
Kanpo begirada, bide-laguntza: Roberto Martínez eta Isaak Erdoiza
Eskerrak: AADK Spain, Rocío Molina, Jesús Alcaide, Idoia Zabaleta eta la Fundición Bilbao.
Miresmena, Afektua eta Babesa. Horiek dira artista-talde honen ezaugarriak. Aspalditik ezagutzen dute elkar, baina orain arte ez dute elkarrekin lan egiteko aukerarik izan. Emilio Manzanok argia, irudia eta keinuarekin lan egiten du, dramaturgiaren begiradapean. Derek Van Den Bulcke, bere FLAMANTE proiektuarekin, flamenkoaren unibertso musikalera gerturatzen da, soinuaren ikuspegitik. Dani Hernándezek dantza espainiarrean daukan esperientzia erabili du gorputz performatiboa gauzatzeko tresna gisa. Ezaugarrien arteko sorkuntza-batasunak harreman pertsonala dauka folklore, tradizio, esperimentazio, izaera herrikoi eta garaikidearekin. Bizi-esperientzien aniztasun eta afinitatea gertatzen da aldi berean, eta horrek, hausnarketa-prozesu kritiko eta ebolutiboarekin batera, dimentsio berri bat sortzen du, eta horretan osatzen dute elkar. Beste kolektibo artistiko egonkor baten sorrera izan daiteke.
