Bost Dantza Sari Nazional izango dira Bizkaian emanaldiak ematen 2021eko Dantzaldia jaialdiaren baitan, Bilbotik harago ere |
|

2021eko Dantzaldiak, Bilboko Nazioarteko XXII. Dantza Jaialdia, dantza garaikidearen egungo joeren erakustaldi bikain bat eskainiko du, tokiko, nazio mailako zein nazioarteko artisten bidez. Aurtengo kartel paregabean, Nazio mailako bost Dantza Sari ere aurkituko ditugu, eta horien artean nabarmentzen dira duela denbora gutxien saria jaso dutenak: Jesús Carmona (2020ko Sari Nazionala Sorkuntza modalitatean) eta Iratxe Ansa (2020ko Sari Nazionala Interpretazio modalitatean).
Carmona oraindik estreinatu gabeko “Baile de bestias” ikuskizunarekin etorriko da Bilbora (Guggenheim museoa, azaroaren 13a). 2020 – 2021 Benois de la Danse nazioarteko saria jaso zuen ekainean (Dantzaren Oskar saritzat hartua), eta horren ostean estreinatuko duen lehen muntaketa da. Gainera, dantzari kataluniarrak, flamenko modernoaren adierazle nagusia, masterclass bat eskainiko du, eta aukera aparta izango da mundu mailako dantzari handienetako batengandik ikasteko. Ansak, bestalde, Igor Bacovichekin batera osatzen duen konpainia ekarriko du, Metamorphosis Dance, “Al desnudo” ikuskizuna aurkezteko (Barakaldo Antzokia: urriaren 1a).
Dantzari eta koreografo gipuzkoarrak Dantzaldiaren aurreko edizioa inauguratu zuen 2020ko irailean, hain zuzen, aipatutako sariaren hartzailea izango zela jakin baino hiru aste lehenago.
Baina Carmona eta Ansaren presentzia 2012eko Dantzaldiaren izerbergaren punta baino ez da. Nabarmendutako izen zerrendan La Intrusa gasteiztarrak ere egongo dira (2015eko Dantza Sari Nazionala – Sorkuntza modalitatea). “Sonora” pieza laburrarekin parte hartuko dute, publiko familiarrarentzako sortutako doako saio batean (Zabalgune Eraikina; urriaren 29a). Han izango dira Sharon Fridman (“147 abrazos” lanarekin) eta Berlinen bizi diren Frantics Dance Company italiar-espainiarrak ere (“Space” lanarekin). Beste bi Sari Nazional arituko dira elkarrekin “La desnudez” ikuskizun ospetsuan (hiru Max Sari 2018an – Ikuskizuna, Koreografia eta Interprete maskulinoa-). Daniel Abreuk sortua (2014ko Dantza Sari Nazionala – Sorkuntza modalitatea), muntaketa hau ezin izan da oraindik Bizkaian ikusi, estatu mailan zein nazioartean arrakasta handia izan duen arren. Abreuk berak errepresentatuko du Bilbon (Azkuna Zentroa; azaroak 25), Dácil Gonzálezekin batera (2019ko Dantza Sari Nazionala – Interpretazio modalitatea).
Guztira, 2021eko Dantzaldiak 12 hitzordu izango ditu, eta bederatzi ikuskizun izango dira guztira (Altraste arabar konpainia, Álvaro Murillo dantzari ikonoklasta eta David Marques portugaldarra ere kartelean daude). Gainera, jarduera osagarriak egongo dira, hala nola zinema, “Consejos prácticos para gestionar la danza”, edo Jesús Carmonaren masterclass saioa. Jaialdiko ohiko eremuez gain, hala nola Guggenheim Bilbao, Azkuna Zentroa, Zabalgune eraikina, Rekalde aretoa edota Deustuko La Fundición (jaialdiaren sustatzaile eta programatzailea), aurten Barakaldo Antzokiak ere parte hartuko du. Horrela izanik, 2021eko Dantzaldia Bilbotik harago ere joango da.
Dantza garaikidea gizartera gerturatzea da jaialdiaren xede nagusia, eta, apustu horrekin jarraituz, saio batzuk doakoak izango dira (lekua bete arte); aldiz, besteetarako sarrera erosi beharko da, baina prezio irisgarriekin, 7 eurotik aurrerakoak. 2021eko Dantzaldiaren egoitzen bidez eskuratu ahal izango dira (webgunea eta leihatilak). Jaialdiaren egoitza guztietan indarrean dauden osasun arauak aplikatuko dira (% 60ko edukiera, musuko homologatua erabiltzeko derrigortasuna, gel hidroalkoholikoa…).