LORALDIA Festibala 

ELUR ETXEA | Euskadi 

“Esnatu naiz”

martxoak 27-28, 19:00etan
KABARETA EUSKERAZ

Elurrek Londresko The Pink Flamingo klubean egiten du lan. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela 10 urtera arte baserrian bizi zen bere familiarekin. Nola demontre lortu du baserritan euskaldun honek underground mugimenduko modako artista izatea Londresen? Zer bizipen izan ditu Elurrek azken 10 urte hauetan? Eta zergatik da Beyoncé guzti honen erruduna?

Esnatu Naiz antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen showa da. Identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste, baina batez ere, gure nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbitea egiten digu.

ideia, gidoia eta zuzendaritza: Andoni Mutiloa
aholkularitza eta kanpo begirada: Amancay Gaztañaga
artista: Andoni Mutiloa
mugimendu zuzendaritza: Eneko Balerdi
ekoizpena: Elur Etxea
nori zuzenduta: Ikusle Helduak

Iraupena: bertsio luzea: 50 minutu
Hizkuntza: euskara
Estreinaldia: bertsio luzea: Hernaniko Biteri antzokia, 2020ko irailaren 30a

LANTZEN DITUEN GAIAK

Ikuskizun honek kontatzen digun istorioa xelebrea izan arren, galdera sakona proposatzen digu: gure nortasuna eta gure bizimodua bat al datoz? Beste modu batean galdetuta: gure nahiek, beharrek, ametsek eta desioek zer leku dute gure egunerokoan?

Bere azken 10 urteko bizipenen kontakizuna egitearekin batera, hainbat gai zehatzei buruzko hausnarketa egingo du Elurrek obra honetan: harreman sozialak, generoa, auto-estimua, lotsa eta beldurrak, sexualitatea, sormena, bizipoza… gizartean errotuta dauden hainbat ohitura eta arau zalantzan jartzeaz gain, LGBTI+ komunitatearen eskubideen aldeko apustua egin nahi dugu obra honen bitartez.

ESNATU NAIZ: PROIEKTUAREN ABIAPUNTUA
Trans bat lasai bizi daiteke Albizturren? Bi lesbiana gaztek euren arteko maitasuna modu irekian adieraz dezakete Arbizun? Eta bi gizon helduk bikote harreman arrunta izan dezakete Baigorrin? Nola bizi dute pertsona horiek euren identitate sexuala eta sexu-joera beraien herrian? Zer motako erantzun eta erreakzioak jasotzen dituzte euren lagun, familiako kide eta herritarrengandik diren modukoak izateagatik? Errespetatzen al dituzte? Integratuta sentizen al dira?

Azken urteetan LGBTI+ kolektiboaren eskubideen aldeko lanean urrats garrantzitsuak eman diren arren, benetako berdintasuna lortu arte bide luzea dugu oraindik egiteko. Horregatik ezinbestekoa dugu arlo ezberdinetan lanean jarraitzea.

Sentsibilizazioa da esparru horietako bat. Gure gizarte anitzeko errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera eskaintzearekin batera, herritarrei hausnarketarako bidea zabaldu nahi diegu. Antzerkia tresna ezin egokiagoa da gogoeta hori egiteko, eta asmo horretan oinarrituta sortu dugu Esnatu Naiz kabareta.

Ikuskizun honetako protagonista Elur da, trans kolektiboko artista. Londresen bizi da. The Pink Flamingo klubean bere showa izatea lortu du. Jende ugari joaten da show hori ikustera. Pozik eta harro dago bere ibilbidearekin. Baina oraindik sendatu gabeko zauriak ditu Elurrek eta kabaret honetan artistaren atzean ezkutatzen den pertsona ezagutzea lortuko dugu: Pello. Euskalduna, baserritarra, 10 urte lehenago Euskal Herritik alde egitea erabaki zuen, bertan ezinezkoa zitzaiolako bere nortasunarekin bat egin eta lasai bizitzea. Londresen bere ametsa egi bihurtzea lortu du Pellok, ospea eta arrakasta, baina oraindik, une batzuetan, bere buruaz lotsatu egiten da. Zer gertatuko litzateke bere jaioterrira itzuliko balitz? Lagunek eta familiako kideek onartuko lukete den moduan? Pellok argi du: oraindik, gaur egun, ez da posible.
Kabaret honen bitartez, LGBTI+ kolektiboko kide askok bizi duten egoerari buruzko hausnarketa egiteaz gain, kolektibo osoaren eskubideen aldeko mezua zabaldu nahi dugu. Horregatik ikuskizuna herriz- herriz aurkeztu nahiko genuke datozen hilabeteetan. Eta kasu honetan saiakera berezia egin nahi dugu herri txikietara iristeko. Izan ere, mota honetako ikuskizunak ez dira sarritan iristen leku horietara, eta are gutxiago euskaraz. Baina proiektu hau martxan jarri genuenetik, horixe izan dugu buruan.