Azaroaren 21ean. Bi emanaldi: 18:00etan eta 19:00etan. Ikusle ororentzat egokia (4 urtetik gorakoentzat)

HAREAZ MARGOTZEN | Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren 44. edizioa– Bilbo TX 2025 | Estreinaldia Estatuan

Ermelinda Coccia | Italia

“Cuentos de arena”

Hitzik gabeko antzerki bisualeko ikuskizun horretan ‘sand art’ teknika erabiltzen da, zeinak magikoki, denbora errealean, materiaren (harea) maneiua eta animazioa uztartzen dituen. Hala, hareazko ipuinak («Cuentos de arena») sortzen dira, zuzenean hareaz margotzen diren istorioak, helduak eta umeak txundituko dituztenak. Emanaldi bakoitzean bi pieza antzezten dira. Lehenak, “Life” izenekoak (horren trailerra erantsi da), gutako bakoitza bizitzarekin lotzen gaituen hari mehean barrena ibiltzera gonbidatzen gaitu. Bidaia horretan, nor garen, inguratzen gaituenaren balioa eta munduan dugun leku paregabea ezagutuko ditugu. Baina erronkei ere aurre egingo diegu. Hari horri entzuten eta jarraitzen eta haren aldaketetan edertasuna ikusten ikasten badugu bakarrik ulertuko dugu beti badagoela amets egiteko eta aurrera jarraitzeko tokia. Bigarrenean, “Nessuno Altrove” izenekoan, gerra bat-batean iritsi izanak bikote bat beste leku batera emigratzera behartzen du. Ongiaren ─bi pertsonaien maitasunak irudikatua─ eta gaizkiaren ─ametsak eta bizitza gainditzeko borrokatzen dena─ arteko bidaia. Itsasoa, aldi berean, porrotaren eta salbazioaren elementua da, ikusleen gogoeta pertsonalean soilik amaituko den gudu baten zubi bihurtuta.

Ideia eta gauzatzea: Ermelinda Coccia
Hizkuntza: Hitzik gabe
Iraunaldia: 25 minutu
Ikusle ororentzat (4 urtetik gorakoentzat)

Ermelinda Cocciak (Italia, 1984), bere hitzetan,“oroimena dudanetik” marrazten du. Ascoli Picenoko O. Licini Arte Estatu Eskolan ikasketak egin ondoren, Urbinoko Arte Ederren Akademian ikasi zuen eta, ondoren, Erromako Zinema Unibertsitate Librean eta Telebistako Zentro Esperimentalean. Haren istorioak adin eta jatorri guztietako pertsonez ari dira, irudien bidezko narrazioen poesiari eta denbora errealeko animazioaren magiari esker. Besteak beste, marrazketaz, modelaketaz, bideoarteaz eta zinemaz baliatzen dira haren teknikak, eta irudi-antzerkian eta hondar-artean (‘sand art’) aurkitzen du zentzurik sakonena.