Urtarrilak 25 – 2026 – 19:00etan
PALESTINA zikloa | DANTZA | Estreinaldia Euskadin
“VICINI” | Federica Porello
(Katalunia)
La Fundición aretoak Palestinan oinarritutako bi ikuskizunen eskutik hasiko du 2026a, sorkuntza garaikidea premiazko errealitate batekin mintzo den espazioa sustatzeko asmoarekin. Apustu artistikoa da, baina baita etikoa, soziala eta politikoa ere, arte eszenikoek pentsamendu kritikoa, enpatia eta ekintza kolektiboa sortzeko duten ahalmena aldarrikatzen baitu. Lan horretaz gain, zikloak «Foot» ikuskizuna ere barne hartzen du. Emanaldien ondoren, solasaldiak izango dira bertoko konpainia eta aktibistekin.
LABURPENA: “Vicini” (‘gertuak’ edo ‘auzotarrak’, italieraz) ikuskizunean, lau interpretek hurbilaren eta urrutikoaren, ‘barruaren’ eta ‘kanpoaren’ arteko paralelotasuna eta lotura aztertzen dituzte agertokian, gorputz bakar baten eta gorputz kolektibo baten artekoa. Hala, piezak etorkizun posible berriak irudikatzeko espazio bat irekitzen du, poetikoa eta politikoa uztartuta.
2023ko urriaren 7az geroztik, Palestinaren aurkako indarkeria-igoera bortitzak eraginda, gogoeta artistikoak eta politikak ezinbestean elkarlotuta ageri dira. Hortik sortu zen, hain zuzen, Porelloren bultzada begirada palestinarren erresilientzia eta erresistentziaren testigantza eta poemetara zuzentzeko. Izan ere, ahots horien bitartez, bizi izandako atsekabera eta aurrera jarraitzeko eguneroko borrokara hurbiltzen da pieza. Atef Abu Saifek idatzi duen bezala, “eraso ororen atzean, oroitzapenak hondakinekin eta misilekin batera sakabanatzen dira, istorioak ezabatu egiten dira, eraikinak irudi hautsi bihurtzen dira (…) Hori guztia ez da fikziozko lan bat, bertoko bizitza baizik”.
Federica Porellok bultzatutako sorkuntza
Ikertzaleak/sortzaileak/interpreteak: Federica Porello, Maria Mora, Xavi Moreno, Majo Villafaina
Laguntza artistikoa: Leo Castro
Antzerkigintza: egile hauen testuak oinarritzat hartuta: Etel Adnan, Mahmoud Darwich, Francis Alÿs, Cuauhtémoc Medina, Samuel Beckett, Paul Auster, Mourid Barghouti, Atef Abu Saif, Nasser Abu Srour, Max Frisch, Barret Watten
Musika-konposizioa: Fanny Thollot (Raed Yassin, Sublime Frequencies eta Clement Nourryren lanetan oinarrituta, eta Samir Nasr Eddineren “Imprisonment” pieza)
Off-eko ahotsa: Ramzi Maqdisi
Gaztelania/arabiera itzulpena: Abu Nasreen, Moussa El Ouahabi
Objektuen eraikuntza / argi-diseinua: Xavi Moreno
Argazkiak: Laura Van Severen / IF Barcelona
Ekoizpena: Federica Porello, honen artista elkartua L’animal a l’esquena
Iraupena: 60 minutu
KONPAINIA: Mal Pelo eta ZOO/Thomas Hauert konpainietako dantzaria da Federica Porello, eta 2012an ekin zion ibilbideari pieza propioen sortzaile gisa. Kolaborazio-bide horretan, Xavi Moreno (interpretea, laguntzaile artistikoa eta argi-diseinatzailea) eta Leo Castro (laguntzaile artistikoa) izan ditu bidaide. Haren ikuskizunek (“WeWood”, “Nowhen”..) dantza, antzerki eta objektu-antzerkiaren arteko elkarrizketa aztertzen dute. 2024an “Vicini” sortu zuenean, arte eszenikoen ahalmen poetiko eta politikoari buruzko hausnarketa-ildo bat zabaldu zuen, Palestinako artisten eta haren aldeko aktibisten lanean oinarrituta.
Halaber, Group LaBolsa taldeko partaide ere izan da (mugimendua inprobisazio eszenikorako partituretan oinarrituta ikertzen du), eta diziplinarteko proiektuetan parte hartu du hainbat musikarirekin, hala nola Joel Bardolet, Núria Andorrà edo Daniel Claretekin.








