Martxoak 8 – 2026 – 19:00etan
‘Ilusionismo de cerca’ zikloa | Estreinaldia Euskadin
“RETAZOS” | Miguel Muñoz
(Madril)
‘Ilusionismo de cerca’ zikloa La Fundición aretoak Bizkaiko Magoen eta Ilusionisten Elkartearen (AMIB, gaztelaniazko sigletan) eta Bizkaiko Ilusionismoaren Elkartearen (AVI, gaztelaniazko sigletan) laguntzarekin antolatu ohi du. 2026koa V. edizioa izango da, eta zikloak aurreko urteetan programatutako saio guztietarako sarrerak agortu ditu. Ezinezkoa dena gertu-gertutik, filtrorik eta artifiziorik gabe bizitzeko sortua da programa, eta ikusle helduentzat pentsatutako ikuskizunak ditu ardatz. Euskal artistak eta Estatu osoko ilusionismo, magia eta mentalismoko profesional gailenak uztartzen ditu, Euskadiko ikuskizunen sailetan ohikoak ez direnak.
Aurten, zikloak hiru ikuskizun izango ditu: izenburukoa, «¡Oh!rigen» (Jon Zabal eta Imanol Ituiño) eta «El médium» (Pablo Raijenstein). ‘Sarreren salmenta’ estekan horietako bakoitzerako sarrerak edo hirurentzako bonua (merkeago, 32 euro + gastuak) eros daitezke.
LABURPENA: 2018ko Munduko Magia Txapelduna (FISM Sari Nagusia) eta Tim Burtonek «Dumbo» filmaren azti gisa aukeratua, Miguel Muñozek «Retazos» izeneko lanean, magiaren bidez objektuak metafora bisual bihurtzen diren ikuskizuna aurkezten du. Hala, bidaia iniziatiko bat kontatzen du, zeinean magoak eta ikusleek elkar islatzen duten, askatasunari eta ‘magia’ hitzaren esanahiaz hausnartzeko. Bidaia poetikoa, dibertigarria, zentzugabea baina, batez ere, magikoa.
Zuzendaritza eta antzezpena: Miguel Muñoz
Antzerkigintzaren aholkularitza: Zenaida Alcalde
Antzezpenaren eta musikaren aholkularitza: Celia Muñoz
Jantziak, eszenografia eta bideoa: Miguel Muñoz
Ekoizpena: Compañía Puntocero
Iraupena: 60 minutu
KONPAINIA: Magoa, zirkuko artista, aktorea eta zuzendaria da Miguel Muñoz, eta askotan izan da saritua; esate baterako, 2018ko FISM Munduko Sari Nagusia lortu zuen (Munduko Magia Txapeldun gisa egiaztatu zuena), baita 2015eko FISM Munduko Magia Saria, 2014ko Europako FISM Saria edo 2013ko «The White Magic Convention» konbentzioko Sari Nagusia (Errusia) ere. 2007an, bere konpainia sortu zuen, Puntocero, Zenaida Alcalderekin batera, bere ikuskizunak garatzeko.
Beste konpainia eta zuzendari batzuekin ere lan egin du, hala nola DV8 Physical Theatre-rekin, Rob Tannionekin edo Nofit State Circus-ekin. 2019an, Tim Burtonek zuzendutako «Dumbo» filmean parte hartu zuen, Ivan The Wonderful antzeztuz. Halaber, zirku garaikideko hainbat ikuskizun zuzendu ditu, hala nola «Juguetes Rotos 3.0» (Pass and Company-rena) edo «Express» (Faltan 7 konpainiarena, 2019ko FETEN azokako Kale Ikuskizun Onenaren Sariaren irabazlea).








