Jon Zabal | Euskadi 

“Inbentarioa”

otsailak 25, 19:00etan
Magia Gertutik

«Inbentarioa» hori da, hain zuzen ere: Jon Zabalek, bere hastapenetatik gaur arte, bere emankizunetan sortu eta aurkeztu dituen saio onenetako batzuen bilduma bat. Great hits, bestela esanda.
Telepatia, hipnosia, saio espiritistak, apustu arriskatuak eta errealitatearen eta fikzioaren arteko lerroa lausotzen eta ia desagerrarazten duten beste demostrazio mental batzuk. Mugan –zentzu askotan– dabilen esperientzia, umorez, misterioz eta lazturaz betea, non ikusleak diren emankizunaren benetako protagonista… Tira, gauzatxoren bat edo beste ere egiten du Jon Zabalek.
Jon Zabal ume-umetatik da mago. 2000. urtearen hasieran, mentalismoaren adarrean hasi zen espezializatzen. Gizakiek denboren hasieratik ondoan izan dituzten fenomeno paranormalak ilusioaren bidez birsortzea du xede magiaren adar horrek: telepatia, iragarmena, espiritismoa, psikometria, telekinesia, hipnosia…

Hainbat ikuskizun estreinatu ditu Jon Zabalek, hala nola «Pentsamendu kontrajarriak» (2008), «Gertakari errealetan oinarritua» (2014), «Brainman» (2017), «Irrazionala» (2019) eta «Lotura» (2022).
Gaiari buruzko hainbat liburu ere argitaratu ditu, eta antzokietan, irratietan eta telebistetan eskaini ditu ikuskizunak.
Estreinatzera doan azken ikuskizuna, «Inbentarioa» (2023), bere ibilbidean zehar aurkeztu dituen emankizun onenen bilduma da.