Martxoak 15 – 2026 – 19:00etan

LORALDIA Festibala | ANTZERKIA (euskaraz)

“VOYAGE, VOYAGE, URRUNEKO HOTSAK” | Makur Antzerkia

(Euskadi)

Aurten ere, LORALDIA Festibalarekin kolaboratuko du La Fundición aretoak; hala, 2026ko edizioko proposamenetako bi hartuko ditu (honako hau eta “Hizketak”). LORALDIA diziplina anitzeko jaialdia da, eta egungo euskal kultura sustatzea, garatzea eta ikusaraztea ditu helburu; horretarako, berrikuntzaren, hizkuntzen uztartzearen eta euskal sormena etorkizunerantz proiektatzearen alde egin ohi du. Euskara erdigunean jartzen du jaialdiak eta, aliantza horren arabera, La Fundición aretoak euskarazko sorkuntza garaikidearekin duen konpromisoa berresten du.

LABURPENA: Bidaia kosmiko bat proposatzen dizuegu. Urrunena eta gertukoena uztartzen dituen bidaia. Ezezagunena eta ezagunegia. Erreala eta irudia. Pieza hau bukle infinitua da, umorea, antzerki dokumentala eta performancea uztartzen dituena. Beste mundu batera bidaiatzeko aukera emango digu, helmugan, beste behin, gure buruarekin topatzeko. Hori bai, modu berri batean.

Sormenaren abiapuntua 1977an NASAK espaziora jaurtitako Voyager Golden Record-ak bildu zuen material multzoa izan da. Gizadiari buruzko gogoeta bat egingo dute antzezleek. Asmoa ez da erantzunak aurkitzea, baizik eta bideak eskaintzen dizkigun ezusteekin harritzea eta hausnartzea.

Parodiaren bidez eta Carl Sagan astronomoaren bideoak erabiliz, gure buruaz barre egingo dugu. Mitologia, emozioak, zientzia, irautetko nahia, oroitzapenak… izango ditugu aztergai, galdera hau plazaratu ahal izateko: gizakiok benetan ezagutzen dugu geure burua? Carl Saganek esan zuen bezalaxe, “Sagar tarta bat egin nahi baduzu, lehenik unibertsoa deskubritu behar duzu”.

Ideia eta sorkuntza: Makur Antzerkia
Aktoreak: Jone Bengoa eta Gontzal Uribe
Zuzendaritza: Marina Suárez
Argiztapena: Fran Jimenez
Bideo produkzioa: Laura Moscoso
Soinua eta musika: Patxi Suinaga
Diseinu grafikoa: Irati Antia
Argazkiak: Ana Garcia Hermoso
Carl Sagan: Javier Barandiaran
Testuen berrikuspena: Oier Gillan
Iraupena: 70 minutu

KONPAINIA: Jone Bengoak eta Gontzal Uribek osatzen dute Gasteizko Makur Antzerkia konpainia. Bengoa zentro hauetan trebatu zen, besteak beste: Escuela de Mar Navarro (Madril), Réplika Teatro (Madril) edo Baratza Aretoa sorkuntza eszenikoko laborategia. Hainbat lanetan lan egin du, hala nola “Ibili Ganbaran”, “La balsa de la Medusa”, “Las criadas” edo “Los Rockids” izenekoetan. Uribek zentro hauetan jaso zuen prestakuntza: Escuela Internacional de Pablo Ibarluzea (Cuerpo, Espacio, Creación), Barakaldoko Antzerki Eskola edo ADEL Artedrama. Antzezlan hauetan antzeztu du, besteak beste: “Prospectus Vitae”, “Ibili Ganbaran”, “Días perpendiculares”, “Logos Fatuo”, “Dr. Xoreau eta bere eroak”…