Otsailak 8, 19:00etan
MAGIA HURBILETIK

Nelo Maestre | Madril

“Paradoja ”

«Paradoxa» lanean Nelok jendartean bidaia liluragarri baten barna eramaten ditu ikus-entzuleak matematika, zientzia eta egunerokotasuneko kontraesan harrigarrienetako batzuen bidez. Logika zalantzan ipintzen duten ilusioen bidez, ikuskizunak paradoxa ezagunak arakatzen ditu, esate baterako, Monty Hallen paradoxa edo Cantorren Jarraitutasunaren hipotesia, posible denari buruzko gure sinesmen sakonenei erronka eginez.
Baina «Paradoxa» ez da matematika-ikasbide bat. Ikuskizunak kontzeptu zientifikoak mundu errealeko paradoxekin elkarlotzen ditu. Zergatik, aurrekaririk gabeko aurrerapen teknologikoen aro batean, homeopatia edo tarotaren gaineko sinesmenek indarra hartzen dute? Zer esanahi du kapitalismoak indibidualismoa sustatzea, espezie modura bereizten gaituena kooperatzeko gure gaitasuna denean? Efektu magikoen bidez, Nelok harritu ez ezik, errealitatearen izaera bera zalantzan jar dezazun lortuko du.
Umore kutsu bat eta gogoeta gaineratuz, «Paradoxa» lanak adin guztietako publikoarengana iristen da, zalantza besarkatu eta ezohiko moduan pentsatzeko gonbitea luzatuz. Denboran barna bidaiatzen du, ezinezkoaren eta absurduaren lurraldetan, ikusi ez ezik, sentitu egiten den magia esperimentatzen duzun bitartean.
Prest zaude zure ziurtasunak zalantzak jarri eta paradoxen enigman murgiltzeko? Izan ere, «Paradoxan», ezinezkoa dirudiena harri-garriaren hasiera baino ez izatea gerta liteke.

Jatorrizko ideia eta testua: Nelo Maestre Blanco
Garapena: Divermates
Eszenaratzea: Cancamisa Teatro
Aholkularitza magikoa: Juan Paños
Kanpoko begirada: Antonio Camina

Nelok 1998an hasi zuen bere ibilbidea magiaren esparruan, Madrileko Houdini Areto prestigiozkoan ohiko artista bilakatuz. Bere estilo paregabeak, trebetasun teknikoa eta gatibatu egiten zaituen ikuspegi narratiboa uztartzen ditu. Horri esker, Espainiako magiaren panoraman nabarmendu egin da.
2010ean, Magiako XXX. Kongresu Nazionalean saria eman zioten, areto-magiaren kategorian erakutsitako berritasunagatik eskaini ziotena. Lorpen horrekin efektu originalen sortzaile gisa zuen sona sendotu egin zuen, jendartea zein gremioko adiskideak harritzeko bere gaitasunagatik nabarmenduz.
2007-2009 bitartean ,telebistan bere asteko tartea izan zuen Nelok, TVE eta Clan TV kateetako «Comecaminos» haurrentzako programako atal batean, bere magia Espainia osoko etxeetara eramanez, eta adin guztietako ikus-entzuleak liluratuz.
2019an bere asmo handieneko ikuskizuna abiatu zuen: «Incertidumbre», giza pertzepzioa arakatu eta gure ziurtasunak zalantzan jartzeko, magia eta matematikak uztartzen dituen proposamena. Show hori bere izaera berritzaileagatik ez ezik, magia kontzeptu zientifikoekin lotzeko bere gaitasunagatik ere txalotu da, jendarteari gogoeta eginaraziz egintza bakoitzarekin liluratu egiten den bitartean.
Bere ibilbidean zehar, Nelok magia eszenikoa dibulgazioarekin uztartzen jakin du, artearen eta ezagutzaren artean zubi bat eraikiz. Sormenarekin, originaltasunarekin eta inpaktu emozionalarekin dituen konpromisoa magia garaikidearen munduan erreferente nagusienetakoen artean duen bilakaeraren bereizgarri da oraindik.