Abenduak 13 – 2025. Emanaldia: 19:00
(Aurretiko borondatzeko ikusleentzako tailerra: 18:15)

Reunión En Danza X. edizioa – RED 2025 | DANTZA

Hainbat konpainia: Karelis Zambrano, Laura Cobo eta Maialen Villalonga

Konpainia gonbidatua: Proyecto Larrua

Reunión En Danza – RED izenekoa duela hamarkada bat sortu zen, Penintsulako iparraldean dantza garaikideko sortzaile berriak ezagutzera emateko helburuz. Hamar urteotan, koreografo asko igaro dira REDetik: nork bere kreazioak aurkeztu ditu, atzeraelikadura jaso dute eta prestakuntza- eta profesionalizazio-tailerretan parte hartu dute. Halaber, Tan Cerca-Bertatik Bertara proiektuari esker (Bilbo, Santander eta Logroñoko Udalena), RED hiru lurralde horietako sortzaileen arteko zubia ere bada.

X. edizioan, 2025eko abenduan izango dena, REDek bere bizitzako lehen hamarkada ospatu nahi izan du, eta, horretarako, atzera begiratu du eta aurreko urteetan parte hartu duten hiru konpainia berreskuratu ditu: Maialen Villalonga (Euskadi), Karelis Zambrano (Errioxa) eta Laura Cobo (Kantabria) , zeinei arabarren Proyecto Larrua konpainia gonbidatua gehituko zaien. Laurek emanaldi berean parte hartuko dute eta, halaber, ‘ikusleentzako tailer’ labur bat egingo dute aurretik (nahi duten ikusleentzat eta kostu gehigarririk gabe), Zubiak izenekoa, Proyecto Larrua konpainiako kideen eskutik. Hala, tailer horretan, ordu erdi baino gutxiagotan, tresnak emango zaizkie, gero jokalekuan ikusiko dutenarekin hobeto konektatzeko eta dantza garaikideaz gehiago gozatzeko. “Kontua ez da aldez aurreko ezagutzarik izatea, ezta dantza «ulertzea» ere; dantza deskubritzea, sentitzea eta harritzen uztea baizik”, aurreratu dute Proyecto Larruako kideek.

Bilboko La Fundición aretoan ez ezik (abenduaren 13an), Logroñon (azaroaren 28an, Sala Gonzalo de Berceo) eta Santanderren (abenduaren 6an, Café de las Artes Teatro) ere egongo da ikusgai programa bera.


  • Maialen Villalonga | Euskadi
    “Miradas que construyen”

    Gorputz bik espazioa zeharkatzen dute, garaiz kanpo, iraganaren arrastoa utzita. Orainaldi berean eta leku berean daude, biak batera. Habitatzen duten espazioa, horri zuzentzen zaion begiradaren bidez eraikitzen hasten da. Izan ere, gorputzen presentziak moldatu eta bibrarazten du espazioa.

  • Karelis Zambrano | Errioxa
    Ritmo sudaka!

    Hegoalde globaleko gorputz dantzari arrazializatuen ospakizuna. Gorputza erritmoari, senari eta oroimenari emateko gonbidapena, non neskato batek ere bere iragana gogora ekartzen duen eta bere herentzia onartzen duen. Haurtzarotik etxean entzundako erritmoan mugitzen da, nondik datorren gogorarazten dion erritmoan. Lan horren bidez, poztasun eta gozamenerako espazio bat eskaini nahi da, latindar migratzailearen nortasuna ospatzeko aukerakoa.

  • Laura Cobo | Kantabria
    “Frame”

    Dantza garaikideko bakar-saioa, mugimenduaren alderantzikatzea, errepikapena eta denboraren pertzepzioa ikertzen dituena. Keinu bakoitza behin eta berriz tolestu, zabaldu edo errepikatu egiten da, begizta bat sortuz, zeinak ikusleek behatu eta itxaroteko duten modua aldatzen duen. Ohiko egituradun (aurkezpena, korapiloa eta amaiera) filma balitz bezala, dantza norabide-bektoretzat jotzen dugu beti, hasiera batekin eta amaiera batekin. Framek logika hori hautsi egiten du, errealitateari beste begi batzuekin begiratzeko, kodeak aldatzen dituen neskak bezala.

KONPAINIA GONBIDATUA: Proyecto Larrua | Euskadi
“Sangre y Klorofila” (+Zubiak izeneko ikusleentzako tailerra)

Ederra, birjina, handientsua, sakratua… Horrela definitzen dugu paisaia, gure irudira moldatuz eta bere esentziaz jabetuz. Sinbolo bihurtzen dugu, gure borroka eta desiren bandera. “Sangre y Klorofila” Vicente Ameztoyren lanean oinarritzen da, paisaia amaitzen den eta gure ideiak hasten diren muga horretan bizitzeko. Ameztoyk zioen bezala, “sakonki errotutako identitatea, eta guk horren ardura hartzeko zailtasuna”. Pieza horrek tentsio hori aztertzen du, naturaren eta gure giza proiekzioen arteko etengabeko elkarrizketa azaleratuta.

Nahi duten ikusleak, txartelarekin, La Fundición aretora bertara daitezke, 18:15ean, (emanaldia baino 45 minutu lehenago eta kostu gehigarririk gabe), Proyecto Larruaren Zubiak izeneko ikusleentzako tailerrean parte hartzera. Ordu erdi eskasean, eta jarduera praktiko batzuen bidez, 19:00etatik aurrera ikusiko diren lanak interpretatzen lagunduko duten tresnak ezagutaraziko zaizkie, baita zentzumen-pertzepzioa zabaltzen eta ondoren agertokian gertatuko denarekin konektatzen lagunduko dietenak ere. Helburua da dantza garaikidearen hizkuntzak ikusle berri edo ez-ohikoei hurbiltzea.

Zuzendaritza eszenikoa: Jordi Vilaseca
Dantzaria: Aritz López
Koreografia: Jordi Vilaseca, Aritz López
Argazkiak: Maider Jimenez
Babesa: ATERPEAN (Dantzahirian) · Euskadi eta SORBURU (Artekale) · Euskadi
Esker onak: Begoña Martín, Jemima Cano, TAE, Conservatorio de danza José Uruñuela

Proyecto Larrua Jordi Vilasecak (Bartzelona, 1982) eta Aritz Lópezek (Vitoria-Gasteiz, 1988). zuzendutako dantza garaikideko konpainia da, eta Vitoria-Gasteizen kokatuta dago. Dramaturgia sendoa du ezaugarri konpainiaren lanak, egungo gai mamitsuei arreta jarrita, baita teknika zorrotza eta koreografia oso landuak ere. Proyecto Larruaren lanek fisikotasunaren eta emozioaren arteko sinbiosi oso berezia lortzen dute, eta, hortaz, ikusleekin sakonki konektatzen duten proposamen artistikoak sortzen dituzte. Kreazio koreografikoez gain, Proyecto Larruak prestakuntzan (LarruaLab) eta kultura-bitartekaritzan (Zubiak) jarduten du. Vitoria-Gasteizko antzoki nagusiekin lankidetzan, azken programa hori garatu ohi dute, dantza ikusle berriei hurbiltzeko eta komunitatearekin harreman zuzenagoa sortzeko. Proposamen hori Bilbora ekarriko dute lehenengoz.