Bettina Szabo | Montreal
“Habitat”
Habitat dantza-solo bat eskaintzen duen ikuskizuna da, hainbat diziplinatakoa. Karramarro ermitauen bizi-zikloan inspiratzen da, egilearen Uruguaitik Kanadarako emigrazio-prozesuaren metafora gisa. Ermitauek ez dute berezko oskolik: maskor hutsetan gordetzen dira, beren neurriaren arabera. Hazi ahala, txikitxo geratzen zaie «etxea», estutxo, eta beste bat bilatu behar izaten dute.
Hainbat diziplina gainditzen dituen obra honek batera ipintzen ditu dantza, ahotsa eta zuzeneko soinu elektronikoa, eskultura (Hermes, paperezko 800 kono artikulatuko mihiztadura) eta jantzietan integratutako argiztapen digitala. Interpreteak denbora errealean kontrolatzen ditu elementu horiek, zeinak oskol horretan gorpuzten baitira, haien habitatean. Argiak, eskulturaren prismen bidez difraktatuta, egunsenti borealak gogorarazten dituzten erreflexu irisatuak sortzen ditu. Horren guztiaren laguntzaz, esperientzia plastiko, poetiko eta hipnotiko bihurtzen da Habitat, ur-giro misteriotsu batez inguraturik.
Koreografia eta interpretazioa: Bettina Szabo
Musika: Joel Lavoie eta Ana Dall’ara Majek
Eskultura eta eszenografia: Jacinthe Derasp
Biomedia jantziak: Alexandra Bachmayer
Zuzendaritza teknikoa eta soinua: Thibaut Carpentier
Errepikatzaileak: Laurie-Anne Langis (mtl), Coraline claude (par)
Argiztapenaren diseinua: Paul Chambe
BETTINA ZSABO Zuzendari artistikoa | Koreografoa | Interpretea
Arima militantea izaki, interes handia pizten didate ingurumen-kontuek eta emakumeon tasunak. Nire sorkuntzak bidegabekeriak salatzeko eta gogoeta kolektiboak eragiteko beharretik jaioak dira. Fikziozko munduetara eramaten ditut gai horiek, eta enpatiaz eta errukiz blaituriko matxinada gozo batera gonbidatzen ditut ikus-entzuleak.
«Begirada femeninoan» inplikaturik, emozioaren bidez saiatzen naiz komunikatzen, eta zalantzan ipintzen ditut gure balio garaikideak eta haien sustraiak. Ondorioz, edertasunaren eta itsustasunaren nozioek ez dute lekurik nire lanetan, eta jakin-minak hartzen du haien tokia, besterik gabe.
Urteen poderioz, «subkontziente eta mugimendu» izeneko higidura-ikerketarantz bideratutako abordatze somatikoa garatu dut. Metodo horrek lan akademikoa eta intuizioa lotzen ditu, subkontzientea eta gorpuztasuna: interpreteak sakon-sakonean duen mugimendu berezi, oinarrizko eta sentikor bat sortzen du.
Mugimendu arin eta neurrigabe horrek eusten dio piezaren egitura koreografikoari. Gero espazioan eta denboran antolatzen dut, perspektibarekin eta erritmoarekin jokatuz, eta horrek interpretazio berriak eratzen ditu.
Sortzen den konposizio koreografikoak gorputz-oinarri hautemanezina behar du, baina, aldi berean, oso zorrotza.
Sorkuntza-prozesuaren hasieran hasten da proiektu bakoitzerako berariaz konposatutako musika, eta dantzarekin interakzioan jarduten du; unitate bat osatzen du, non soinua atera egiten baita mugimendutik zein soinu-bandatik.
Dramaturgia-lerroa esku hartzen duten lengoaietako kolaboratzaile guztiekin batera eraikitzen da. Eta, hala, hainbat alderdi dituen obra bat sortzen da, pieza bakoitzaren unibertso poetiko bakar eta berezkoa azaleratzen duena.
Kent Monkman, Tim Burton, Remedios Varo eta halako artistetan inspiraturik, irudi liluragarriak dituzten piezak begitantzen ditut, hainbat interpretaziotakoak; lortuko dute jakin-mina piztea edo gogaitzea, baina beti izango dute estetika berezia. Eta ikusle bakoitzak bere egin ditzakeen zentzuak eta mezuak inplikatuko dituzte.