24. edizioa! Eta ostera ere hurbiltzen ari gara udagoieneko hitzordura. Une askotan, hainbat ikuspuntutatik egindako dantza- aukerez gozatzeko abagunea izango dugu… Jakina, hasteko eta behin, aukera artistikoak izango dira, baina baita geografikoak, lankidetzakoak eta konplizitatekoak ere, eta batez ere, hurbilekoak izango dira oraingoan.

Joan eta itzulerako bidaia egin duten eta bidean jarraitzen duten bertoko dantzariak eta koreografoak dira: Asier Zabaleta bezala, orain munduan zehar dabilena, baina Suitzan heldu eta Euskal Herrira konpainia gisa itzuli zena bere ibilbideari ekiteko; Igor Calonge bezala, Donostiako lana eta Ipar nahiz Hego Amerikako ihes luzeak bateratzen dituena; edo Olaia Valle dantzaria, bere sorkuntza-lana eta zenbait konpainiarentzako interpretazio-lana konbinatzen dituena…, edo Mizel Theret Miarritzetik –gurean bertan, beraz–, haren hasierako maisu eta euskal dantza tradizionalaren sostengurako protagonista izan zirenen oroimena jaso duena…, edo Estévez, Paños & Cía., beren “flamenko berria” sortzeko zume flamenko askoren tradizioan oinarritzen direnak (Juan Kruz Díaz de Garaio Esnaola gipuzkoar internazionalak koreografiatutako pieza batekin).

Dena hasiko da irailaren 26an Rekalde aretoan, Glovo kolektiboaren Alleo (Arrotza) piezarekin. Talaiatik egindako begirada hori arratsaldean izango da ohiko Inaugurazio Topaketan, era zeharo presentzialean.

Urriaren 3an, Bilboko Arte Ederren Museoan, Icaza Hall bikaineko ateak irekitzen dizkigun lankidetzaz gozatzen jarraituko dugu. Bertan, Ertza/Asier Zabaletaren Otempodiz lanak beste kultura batzuen denboraren pertzepzioaz hitz egingo digu, eta Chey Jurado & Javito Mario bikote berriak, Samsara piezan aztertuko dute norberaren nortasuna sortzeko ematen den behatzailearen eta behatutakoaren arteko konexio-ziklo eternala.

Urriaren 29an, eta Portugalgo Ypsilon# jaialdiarekin izandako trukeen emaitza bezala, Filipe Moreira portugaldar konpainiaren bisita jasoko dugu La Fundición aretoan, Escuta (Entzutea) lanarekin. Moreiraren pieza isiltasunari eta gorputzaren eta ahotsaren aurkikuntzaren alderik primitiboenari buruzkoa da.

Eta azaroaren 2an, Mizel Theret-en Oroitzen naiz dantza-lanari buruzko filma hartuko dugu. BoiSakré ekoizpen-etxeak grabatu zuen, sentiberatasun nabarmenarekin, eta euskal dantzako hiru pertsonaiaren memoria berreskuratu zuen haien historia luze eta emankorra gogoratzeko. Bide batez, horrekin oroitu nahi dugu zenbat gozatu genuen hirurekin 2012ko Dantzaldian, beren adin aurreratuetan izen bereko pieza taula gainean interpretatu zutenean.

Azaroa izango da jaialdiaren aldirik indartsuena, eta horrek Guggenheim Bilbao Museora eramango gaitu hilaren 11n, Estévez, Paños & Cía-ren Triptiko#1 izeneko lana ikusteko. Flamenko berriaren azken sorkuntza da eta Campanillero- Nondedeu-Silencios atalek osatzen dute. Paisaiari, gauari, soinuari, cante-ari, isiltasunari… buruzko piezak dira, eta oso dramaturgia neurtua daukate interpreteen arteko laguntza eszeniko bezala.

Hilaren 18an Barakaldo antzokiak irekiko dizkigu ateak, Jesús Rubio Gamoren konpainia eta haren Acciones sencillas delako lanari harrera egiteko. Bost dantzarirentzako pieza da, eta hiru emakumeren laguntza edukiko du“ahotsarekin, perkusioarekin eta txaloekin”. Mugimendua, musika eta erritmoa ospatzen dituzten gorputzen erakustaldi horrek harritu egingo gaitu sinpletasunaren konplexutasunarekin, esandako kontzeptuak euren mugetara eramanez.

Azaroaren 23an eta abenduaren 14an Azkuna Zentroa-Bilboko Alondegian –eta ohikoa den legez, haren laguntzarekin– egitarau bikoitz batez gozatuko dugu hurbilketa oso desberdin birekin: alde batetik, Stocos Institutua/Muriel Romero & Pablo Palacioren Oecumene hiru dimentsiotako murgiltze-soinuzko pieza teknologikoarekin, eta bestetik, Cielo Raso/Igor Calonge konpainiaren Hâmaïkà izeneko lanarekin, trukuaren, magiaren, ilusioaren eta irudimenaren inguruko festa dantzatu batean.

Betiko moduan, zuen guztien zain egongo gara ostera ere, DANTZALDIA jaialdiaren XXIV. edizioan parte hartzen duten gune kolaboratzaile guztiekin eta haietan guztietan.