Ixiar Rozas, Ainara LeGardon Rafael Martínez del Pozo | Euskadi

“Unisonoa”

26-27, martxoak 19:00etan | Irakurketa-Kontzertua

Ixiar Rozasek, Ainara LeGardonek eta Rafael Martínez del Pozok hatsa, hotsa, ahotsa, sonemak, hitzak, soinuak eta musikarekin konposatzen dute irakurketa eta kontzertua den pieza honetan.

Abiapuntua Unisonoa da, Ixiar Rozasen bi formadun lana: poema liburua eta soinu piezak (Pamiela, 2020; Bandcamp, 2020).

Eta ahotsa, xuxurla edo soinua espaziora eramatea. Soinutu: hor sortzen da agian irudia.

Eta hitzen zentzua beste nonbait kokatzen da, bere ihespuntuan, bere paisaian.

Eta hitzek hainbat lengoaia zeharkatzen dituzte, bata bestearen atari, pasaleku direnak.

Eta entzunmugan esateko ekintza.

Eta izaki sigi-sagatsuak gaua zeharkatzen.

Ixiar Rozas (Lasarte-Oria, 1972). Idazlea. Ahotsa, hitzen soinua eta lengoaia lantzen ditu. Bere liburu eta materialak hainbat herrialde eta hizkuntzatan argitaratu dira: Negutegia (2006-2009), Ejercicios de ocupación. Afectos, vida y trabajo (2015), Beltzuria (2014-2017), 20.20 (2016) Unisonoa (2020). Pentsalari eta artistekin egiten du lan proiektu desberdinetan. Azala espazioko kidea izan da proiektuaren hastapenetatik eta «Zirriborroak eta gero» argitalpenen bultzatzailea. Arte Ederretan doktorea, arte hezkuntzako irakaslea da egun.

Ainara LeGardon (Bilbo, 1976). Musikari eta artista autogestionatua, 25 urte baino gehiago daramatza aktibo. Prentsa espezializatuak bakarkako bere 7 diskoak goraipatu ditu eta Estatuko eszena independentean erreferentetzat hartzen dira. Rockaren eremuaz gain, musika esperimentalaren eta inprobisazioaren alorrean lan oparoa garatzen du, bakarrik eta hainbat talde eta pieza eszenikoen parte gisa. Auto-defentsarako ekintzailea da eta jabetza intelektualaren inguruko ikerketa eta irakaskuntza bere alderdi artistikoarekin uztartzen ditu. www.ainaralegardon.com

Rafael Martínez del Pozo (Barakaldo, 1973). Musikaria: aire zabaleko soinuen eta soinu anplifikatu edo grabatuen antolatzailea. Protomúsica tailerra eta A A Tigre abesti proiektua lantzen ari da egun. Hainbat artistarekin kolaboratzen du; besteak beste, E. Collado, L. Alvarez, M. Borthwick, A. Urra, B. Fluxá, F. de La Flor, edo I. Rozasekin. Castro de Cepedan (Leon) du bere soinu estudioa, 2009az geroztik. Las frutas amarillas (Bandcamp, 2020) da bere azken lana.

Unisonoa laneko soinu pieza batzuen aurre- entzuketa
https://ixiarrozas.bandcamp.com/album/unisonoa

Unisonoa laneko soinu pieza batzuen aurre- entzuketa /em>
https://ixiarrozas.bandcamp.com/album/unisonoa