Cia. Traversse | Francia

Hotza”

 Bertha Bermudez, Mizel Theret

Maiatzaren 7an, 19:00etan
DANTZA – Estreinaldia

Koreografia-sorkuntza honen abiapuntua Oskar Alegria zinemagilearen film-labur bat da (Hotza, 11’40). Zuri-beltzeko film bat, paisaia elurtuetan ardaztua, baina baita pertsonaia paregabe batean ere, zeinak bidaia luze eta gogoetatsu bati ekiten baitio.
Nola igaro zinematik koreografiara? Pantaila batean proiektatutako irudietatik agertoki gaineko keinuetara? Gorpuzteko moduaren arabera, agertzeko eraren arabera?
Nola igaro paisaia naturaletatik agertoki bateko espazio itxira?
Galdera horiexek planteatzen dituzte obra honetan, eta dantzaren eta irudien arteko topaleku posible bat bilatzen ahalegintzen dira. Orobat, bi arte-diziplina horien arteko elkarrizketa nola ehundu bilatu nahi du, desberdintasunak desberdintasun. Eta elkarrizketa hori inon izatekotan, zalantzarik gabe, poetikotasunean gerta liteke, sentiberatasunean.
Dantzaren kasuan, batez ere filmeko irudiekin erresonantzia-joko bat ezartzea da helburua, erritmo motelarekin eta kontenplaziozko giroarekin. Keinu-materialak ateratzen ditu filmetik, eta, ostean, eraldatu edo are desbideratu egiten ditu, gorputzari erabat toki eginez agertokian. Filmak zeharkatzen duen soiltasunaz, xehetasunei ipinitako arreta biziaz, eta nahita luzatutako eta patxadaz beteriko denboraz ere elikatzen da dantza.
Obraren arkitektura orokorrari dagokionez, bi solotan banatuta dago, eta bakoitzak keinu-material desberdinak ditu. Lehenbiziko soloa filmaren luzapen bat baino ez da, eta bigarrena, berriz, urruneko oihartzun batean askatzen da.
Sorkuntza horrekin, batez ere kontra egin nahi zaio abiadurari, zaratari, asaldurari, presari, etengabeko distrakzioari, eta, aldiz, patxada eta kontenplazioa bilakatzen dira arretagune; denboraren eta espazioaren esperientzia sentikorrerako gonbita.

Agertoki huts eta erabat zuri batean, sentikortasunaren bilaketan esku hartzen dute dantza honetako keinu bakoitzak, begirada guzti-guztiek, mugimendu orok.

Jatorrizko ideia/koreografia: Mizel Théret 
Laguntza artistikoa: Johanna Etxeverry 
Interpreteak: Bertha Bermúdez, Mizel Théret 
Hotza film laburraren errealizazioa: Oskar Alegria 
Soinu-unibertsoaren konposizioa: Raúl García Etxeberria 
Teaserraren errealizazioa: Raúl García Etxeberria, Mathilde Brugière-Garde 

1983an Mizel Théretek Ekarle konpainia sortu zuen Baionan, eta hainbat sorkuntza egin zituen.
Lehenbiziko lanak euskal dantza tradizionalaren lengoaiak eta Merce Cunningham dantzariaren hizkuntza abstraktuaren arteko hibridazio nahiak markaturik daude.
Gerora, konpainia urrundu egin zen dantza tradizionalaren erreferentzietatik, eta, lengoaia garaikide hutserantz igaro ostean, abstrakzio lirikoz blaituriko dantza garatu du.
2011n, Johanna Etcheverryk eta Mizel Théretek Traversée konpainia sortu zuten, eta oroimenaren gaia –kolektiboa zein indibiduala– ageri da haien sorkuntzen erdigunean.
Konpainiaren obra berrienetan, Mizel Théretek estilo minimalistaren aldeko apustua egiten du, bai dantzan, bai idazkera koreografikoan. Soiltasuna, abstrakzioa eta keinuaren poesia, espazio hutsa, oroimena… Bide malkartsu horietan barrena doa tipi-tapa Traversée konpainia.