Miguel Gómez | Madril

Antología de la Cartomagia Española

Igandea, otsailak 26, 19:00etan
Magia Gertutik

«Antología de la cartomagia española» ikuskizuna Miguel Gómezek bere estilo eta ukitu pertsonalarekin Espainiako kartomago onenen sorkuntzetara egindako bidaia da. Ikuskizunean, Arturo de Ascanio, Juan Tamariz eta Pepe Carroll maisu handiak omentzen ditu.
Miguelen perfekzio teknikoari eta gertutasunari esker, oso modu berezian hautematen du ikusleak magia, eta luzaroan eusten dio sentipenari.
Miguelek XX. mendearen azken hereneko Espainiako kartomagoei egindako omenaldia da ikuskizuna, haiengandik ikasi baitzuen. Bai magoei eta bai ikusle profanoei gure kartomagia, joan den mendearen amaieratik gaur arte, munduko mailarik gorenean dagoela erakutsi nahi du ikuskizunak. Beraz, omenaldia egiteaz gain, ikusleak (magoak eta profanoak) dibertitzeko eta entretenitzeko xedea ere badu emankizunak, eta, gainera, gure artearen ezaugarriak ezagutarazi nahi ditu, normalean magoen artean geratzen direlako eta ez direlako profanoenganaino iristen. Eta gure magia –eta, bereziki, kartomagia– hain denez ona, jende guztiari jakinarazi behar zaio, eta modu hoberik ez da, kartomagia-ikuskizun baten bidez egitea baino.
Miguel Gómez autorearen ibilbidea. Zazpi urte inguru neuzkanean piztu zitzaidan magiarekiko zaletasuna, telebistako «Manos Mágicas» saioari esker, eta Magia Borrás kutxa famatu horietako batekin hasi nintzen praktikatzen. Hamazazpi urterekin, Sociedad Española de Ilusionismo elkartean sartu nintzen, eta han Espainiako mago ospetsuenekin jarri nintzen harremanetan: Ascanio, Juan Tamariz, Pepe Carroll… Magiari buruzko zenbait kongresu nazionaletan eta nazioartekotan parte hartu dut, lehiakide, hizlari eta interprete gisa Close-up eta Eszenatokiko Galetan.
Munduko zenbait lekutan goi-mailako adituentzat soilik urtero egiten diren bilera pribatuetako parte-hartzailea eta gonbidatua naiz, hala nola El Escorialeko Jardunaldiak, Bufaloko FFFF, New Yorkeko Kartomagia Bilerak edo La Barrancako topaketak.

Telebistako magia-saio onenetan parte hartu dut: «Magia Potagia» (TV1) eta «Chan-ta-ta-chan» (telebista autonomikoak), biak ala biak Juan Tamarizek zuzenduak. Bai eta «Nada x aquí», programan ere (Cuatro). Artista gonbidatua izan nintzen Espainiako Magiaren Lehen Astean (2003ko otsaila), Hollywoodeko Magic Castle-n. Horrez gain, parte hartu dut ‘Veranos de la Villa’ jaialdi mitikoetan, Madrilgo Kultura Zentroaren Nazioarteko Magia Jaialdian, eta Espainiako zenbait probintziatako jaialdi askotan (Tolosa, Almussafes, Gasteiz, Granada, Tamarite de Litera, Sevilla, Valentzia, etab.). Halaber, Madrilgo erreferentziazko lokal klasikoetan aritu naiz (La Mandrágora, Honky Tonk, Galileo, Candilejas, Berlin Cabaret, Segundo Jazz, Vaiven…). Magia-animazioa egin dut enpresa askorentzat (Kodak, Peugeot, Laboratorios MSD, Abelló, Chloride, Airtel, JB…) azoketan eta konbentzioetan. Espainiako historiako bosgarren mago izendatu naute (Tamariz, Ascanio, Carroll eta Frakson-en ondoren), eta 32. posizioa dut mundu mailan Dama Inquieta aldizkari ospetsuak egindako inkestan.
2008an, Miguel Gómez: El placer de la Magia liburua argitaratu nuen, eta harrera ezin hobea izan zuen kritika espezializatu guztiaren artean.
«Antología de la Cartomagia española» ikuskizunaren sortzailea eta interpretatzailea naiz. Harrera bikaina izan du magoen eta ikusle profanoen aldetik; kritika espezializatuaren arabera, gainera, gaur arte inoiz sortutako kartomagia-ikuskizunik onena da.
Magia-irakasle gisa: Ana Tamariz Eskolako magia-irakaslea. Goi-mailarako eta lanbide-mailarako magia-mintegi berezietako irakaslea.
Aditua naiz ikuskizunetarako, lehiaketetarako eta telebistarako gertuko magia-ikuskizun profesionalei buruzko aholkularitzan eta halako ikuskizunen muntaketan.
2012az geroztik, Magic Agora webguneko kartomagia-edukiak zuzentzen ditut. Irakasle titularra naiz Real Centro Universitario Escorial – Maria Cristina zentroan (ilusionismoari buruzko Wenceslao Ciuró unibertsitate-programa).
Lortutako sari eta aitortza batzuk: Kartomagiako hirugarren sari nazionala (Logroño, 1984); Urteko Mago onenaren Ascanio saria (bitan: 1987 eta 1997); Kartomagiako Munduko hirugarren saria (Haga, 1988). Pepe Carroll-ekin lehiatu nintzen, eta berak lortu zuen lehen saria.
1996. urteko Estorilgo Nazioarteko Biltzarreko Lehen Saria. 2016an, ohore handia izan nuen, bide publikoan nire hatz-markak dituen plaka bat jarri baitzuten, nire omenez, Tamarite de Literako pasealeku magikoan (http://www.tamaritemagico.com/paseo-magico/).
MAGIA GERTUTIK IKUSKIZUNAK. Gaur egun, hurbileko magiaren antzoki esklusiboa zuzentzen dut Madrilen, Armando Gómezekin batera. Areto horretan, Magia gertutik arloan, pertsona bakarreko ikuskizunak eskaintzen ditut:
– Aipatutako «Antología de la Cartomagia española», azken urteotan «birmasterizatua». (Ikus amaieran iruzkin batzuk) Espainiako kartomago onenen sorkuntzetara egindako bidaia da, Miguel Gómezen estilo eta exekuzio pertsonalarekin; ikuskizunean, omenaldia egiten zaie Arturo de Ascanio, Juan Tamariz edo Pepe Carroll bezalako maisu handiei. Miguelek duen perfekzio teknikoak –transmititzen duen gertutasunarekin lotuta– lortzen du ikusleak magia oso modu berezian ikustea, sentsazioa luzaro mantenduz.
– «Buscando un deseo» ikuskizun berria, Grada Mágica aretoan asteazkenero VIP saioaren barruan egiten dudana. Show horretan, jendeak sentitu eta ukitu egiten du magia, eta, gainera, bete egiten dira hala magoaren nola ikusleen nahiak.
– «Cajón de Magia» ikuskizunean, Miguel Gómezek ilusio eta benetako magia-bitxi ugari ditu, pertsona bakarreko etorkizuneko bere ikuskizunetan parte hartzeko hautatuak izateko zain. Showan bitxi horiek erakutsiko ditu, ikusleek kalitate bikaineko magia-materiala ikusteko aukera izan dezaten, eta etorkizunean, agian, ikuskizun berrien barruan antzemango dituzte. Saio bakoitza desberdina izango da.
– «39 butacas»: Miguel Gómezek Grada Mágica-rako sortutako ikuskizun berrian, aretoko eserleku guzti-guztietara iritsiko dira «SORPRESA» eta, batez ere, «SUSPENSEA». «Grada Mágica» leku berezia eraiki aurretik, bitartean eta ondoren ezkutatutako misterioak aurkituko dituzu.