ZIOMARA HORMAETXE | Euskadi
“Ahotsak”
UZTAILAK 10, OSTIRALA, 20:30etan
La Fundicion
LEKUZ LEKU
Gernikakoa naiz, eta nire aitona-amonei egindako omenaldia da hau. Gernikako bonbardaketaren biktima izan zirenei.Biktima horien inguruko ikerketa pertsonal batean jasotako lekukotzen bidez sortu da. Nirea izango da lekukotza horiek zuzenean jasoko dituen azken belaunaldia. Horixe izan da haien omenezko pieza hau sortzeko motibazioa.
“Ahotsak” memoriaren labirintoetan barrena egindako ibilbidea da. Bide horiek, askotan, galdu egiten dira, denborak suntsitu egiten ditu.
Suntsiketaz, bakardadeaz, injustiziaz, minaz eta gerren absurduaz hitz egiten da.
Ahotsak entzunez, isiltasuna hitzez betetzen da, lekukotzek hausnarketara eramaten gaituzte, gauzak ulertzeko eta esna gaudela amets egiteko aukera ematen digute. Hortik abiatuta, gizarte bidezkoago bat eraiki ahal izateko oinarriak izango ditugu.
Lan hau itxaropenari egindako kantua da, heriotzaren gainetik; baina, batez ere, Gernikako txikizio hartatik bizirik irtendako pertsonen lekukotza jaso nahi izan da.
Ondorengoa naizen heinean, bizi-topaketa pertsonal eta beharrezkoa izan da. Emozioak hor daude, eta nire salaketa idatzi eta adieraztera eraman naute, ez soilik orduan gertatukoaren aurrean, baizik eta munduan egunero gertatzen diren hainbat gauzaren aurrean. Ahots hauek etorkizunaz hitz egiten dute, bakeaz eta itxaropenaz.
Zuzendaritza eta ideia: Ziomara Hormaetxe
Koreografia: Antzezleak: Ziomara Hormaetxe, Akira Yoshida
Musika: Aitor Etxebarria, Dodi
Argazkilaria: Sergio Marcos
Gernikako bonbardaketako biktimaren lekukotza: “Izeko Luisita”, Luisa Garcia GoioganaEusko Jaurlaritzak diruz lagundua. Dantza Hirian Jaialdiarekin batera ekoitzia. Gernikako Udalaren laguntzarekin.
Egonaldi artistikoak: Malandain Ballet Biarritz, Dantzagunea (Gipuzkoa), Astra Gernika (Gerra Zibileko arma fabrika zaharra. Gernikako Bonbardaketako bunkerra).
Ziomara Hormaetxe euskal koreografo eta dantzaria da, Gernikan jaioa. Sophia Antipolisekin ikasi zuen dantza, Nizan (Frantzia), eta freelance gisa aritzeko prestatu zen. Ziomara Hormaetxe Company sortu zuen eta ordutik bere proiektu artistiko propioak egiten dabil, sortzaile eta interprete independente gisa.
Dantza garaikidea eta teknologia berriak uztartzen ditu, hala nola videomapping 3D eta bideo interaktiboa. Gaur egun, Ziomarak hiru pieza ditu sortuta: “K-otica in Progress“, Bilboko BAD jaialdian estreinatua; “Symbiosis” nazio mailan eta Venezuelan antzeztua; “Biopiracy”, Hego Koreako “New Dance Festival” eta AEBetako Detroit City Dance Festival jaialdian estreinatua.
“Ahotsak” da espazio ez konbentzionaletarako egindako lehenengo pieza.
